| Ahal-melingo txirularia | | | |
| Asteartea, 2011(e)ko maiatza(r)en 03-(e)an 10:52etan |
Ez dakit nola hasi Hiru letratxu hau. Badakit zer esan nahi dudan, badakit zein den helarazi nahi dizuedan mezua, baina gaztetan Sthepen Kingen zale amorratua banintzen ere, ez naiz gai nire idatzietan izua behar den trebeziaz islatzeko. Bai, ene lagunok, beldurrak airean nago. Dena orain dela hiru bat aste hasi zen, paseoan nenbilela. Zortzi bat urteko ume bat amarengana hurbildu eta, ogitartekoa eskatu ondoren, zera galdetu zion: ahal dut parkera joan? Urdailean bat-batean sentitu nuen mina aire txar bati egotzi nion eta, garrantzirik eman gabe, aurrera jarraitu nuen taberna baterantz. Taberna, joan den urtarrilaz geroztik usu gertatzen den bezala, umez beterik zegoen eta garagardo bat eskatu ondoren pipa bat erretzera atera nintzen kalera non, esan dezadan bidenabar, ume horien gurasoen konpainia ketsuan egon nintzen. Halako batean, umeetako bat tabernatik atera eta aitarengana jo zuen zuzenean: ahal dut txikle bat erosi? Hortik aurrera, nire beldurra in crescendo joan zen. Edonora begiratuta ere, esaldi guztiak “ahal dut” aditzarekin hasten zituzten umeekin egiten nuen topo. Ahal dut komunera joan? Ahal dut gozokia jan? Ahal dut Mariaren etxera joan? Okerrena, izurik lazgarriena, etxera iritsitakoan gertatu zen. Nire alabek, biek batera, zera galdetu zidaten: ahal dugu telebista ikusi? Bat-batean Invasion of the body snatchers pelikula gogoangarriarekin oroitu nintzen, eta hotzikara batek astindu zizkidan barrunbeak. Ero moduan, etxe osoa hasi nintzen arakatzen. Haatik, ez nuen leka erraldoirik inon topatu. Ez, beste zerbait zen. Zer, baina? Harez geroztik bila nabil. Zeharo beldurtuta, bai, baina bila. Non dago gure seme-alabei ahalera guztiak lapurtu dizkien gaiztoa? Nork lapurtu die “naiteke”, “dezaket” eta “genezake” guztiak? Non dago Ahal-melingo txirulari maltzur hori, gure ume guztiak hain era krudelean sorgindu dituena? Ez dakit, baina zerbait egin behar dugu. Denok arriskuan baikaude. Ahal didazue lagundu? Xabier Etxaniz Rojo |



Ez dakit nola hasi Hiru letratxu hau. Badakit zer esan nahi dudan, badakit zein den helarazi nahi dizuedan mezua, baina gaztetan Sthepen
Hemen daukazue atzo irakurri eta aztertu genuen testua.
ResponderEliminar